Klask Komiki Lehiaketa: sortu eta hausnartu

Tumatxa Gazteak

Komikiaren bidez gai sozial bati buruz hausnartu eta zure sormena erakusteko aukera zabaldu du Nafarroako Gazteriaren Institutuak (NGI). Klask Komiki Lehiaketaren helburua gazteen sormena bultzatzea eta berdintasunean eta errespetuan oinarritutako harremanak sustatzea da, emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizarte baten alde.

Lehiaketa 14 eta 22 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, Nafarroan bizi badira edo Gazte Txartela badute. Lanak euskaraz edo gaztelaniaz aurkezten ahal dira, eta bi modalitate daude.

Fasekako modalitatean, testu-gidoi bat aurkeztu behar da, eta aukeratutako beste pertsona batek marraztuko du. Modalitate osoan, berriz, parte-hartzaileak berak aurkeztu beharko du komikia, bi A4 orritan.

Gaiak emakume eta gizonen arteko berdintasuna, harreman afektibo eta sexualak eta errespetua izanen ditu ardatz. Ideiak eta adibideak ere aurkez daitezke, eta lehiaketak aholkularitza eta laguntza-materiala eskainiko ditu sormen-prozesuan.

Lanak abuztuaren 17tik irailaren 30era aurkezten ahal dira. Sarien artean, 100 eta 150 euroko liburu-txartelak banatuko dira, eta saritutako lanekin fanzine bat argitaratuko da, paperean eta formatu digitalean. Gainera, lanak 2027ko Komiki Azokan eginen den erakusketan ikusi ahal izanen dira.

Animatu zure ideia komiki bihurtzera eta berdintasunaren eta errespetuaren aldeko mezua zabaltzera.

Erlazionatutako sarrerak