Zuk jarri ideia, Gauekoak programak errealitate bihurtzen lagunduko dizu!
Tumatxa Gazteak
Tailer bat, txapelketa bat, kultur topaketa bat edo astebururako jarduera bereziren bat antolatu nahi duzu Gasteizen? Gauekoak Proiektu Poltsa ekimenak zure ideiak gauzatzeko aukera eskaintzen dizu. Ez duzu aurretiko esperientziarik edo proiektu guztiz zehazturik izan behar!
16 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, eta banaka, taldean, kolektibo informal gisa edo elkarte baten bidez aurkez daitezke proposamenak. Gasteizekin lotura izatea (bertan bizi, ikasi edo lan egitea) da baldintza nagusia.
Proiektua aukeratuz gero, aholkularitza teknikoa, tutoretza, finantzaketa ekonomikoa, espazio egokiak eta laguntza logistikoa jasoko dituzu. Gainera, jardueraren berri Gauekoaken eta Udalaren kanal ofizialetan emango dute.
2027ko udaberri-udako programazioan (otsaila-ekaina) parte hartzeko, proposamenak urriaren 19tik azaroaren 1era aurkeztu behar dira, biak barne. Horretarako, bidali PDF formatuan betetako eskaera-orria, proiektuaren azalpena eta arduradunaren NANa info.gauekoak@gmail.com helbidera, gaian «Gauekoak 2027 Proiektu Poltsa» jarrita.
Ez itxaron zure ideia beste norbaitek gauzatu arte. Zuk ere sor dezakezu Gasteizko gazteen aisialdia!
