HOUSE ARENA jaialdi berria iritsiko da Valentziara
Tumatxa Gazteak
House musikak hitzordu berri handi bat izango du aurten Valentzian. Azaroaren 7an, Roig Arenak HOUSE ARENA hartuko du, house musikari osorik eskainitako lehen jaialdia. Antolatzaileen helburua argia da: urtero egingo den erreferentziazko jaialdi bihurtzea. (Roig Arena)
Lehen edizioak 10 ordu baino gehiago iraungo du, eta nazioarteko zein Valentziako elektronikaren eszenako artista ezagunak bilduko ditu. Kartelburu nagusia Folamour DJ eta ekoizle frantziarra izango da. Harekin batera ariko dira Dan Shake, Demi Riquísimo, The Basement Soundsystem, Derali, Marc Strap eta Whatever Charles, besteak beste.
Jaialdia ELENCO House eta The Basement kolektiboek antolatu dute, Valentziako house eta musika elektronikoaren eszenako bi erreferente nagusiek. Lehen edizio honetan, 6.500 lagunentzako edukiera izango duen agertoki bakarra prestatuko dute, artisten eta publikoaren arteko gertutasuna lehenetsiz. Antolatzaileen asmoa, ordea, jaialdia pixkanaka handitzen joatea da etorkizuneko edizioetan.
Azken urteotan house musikak indar handia berreskuratu du nazioartean, eta HOUSE ARENA jaialdiak olatu hori aprobetxatu nahi du, Valentzia genero horren topagune nagusietako bat bihurtzeko. Horregatik, dantzarako musikaz gozatzen dutenentzat, udazkeneko hitzordu erakargarrienetako bat izango dela dirudi. (Roig Arena)
