Udazkeneko ikastaroak Kontadoresen: izen-ematea zabalik
Tumatxa Gazteak
Donostiako Kontadores Gazte Zentroak udazkeneko ikastaroak jarri ditu martxan, eta izena emateko epea zabalik dago. Guztira, 129 plaza eskainiko dituzte zortzi laborategitan banatuta, gazteen sormena eta interesak lantzeko.
Ohiko laborategiez gain, aurten pilulak ere izango dira: proposamen laburragoak, urtean zehar eskainiko direnak. Hala, hainbat arlotan probatzeko eta ikasteko aukera izango dute parte-hartzaileek.
Eskaintzak askotarikoak dira: dancehall-a, zeramika, antzerki-sormena, argazkilaritza analogikoa, twerka eta sexualitatea, sukaldaritza, heels-a eta podcastak. Saioak urriaren eta urtarrilaren artean egingo dira, eta diziplina bakoitzak bere ordutegia eta dinamizatzailea izango ditu.
18 urtetik gorako gazteentzat da eskaintza. Ikastaroetan parte hartu edo informazio gehiago jaso nahi baduzu, Kontadoresen webgunean duzu izena emateko aukera.
