Gazte Kultur Bonoa 2026: 400 euro kulturaz eta sormenaz gozatzeko
Tumatxa Gaztea
Espainiako Gobernuak onartu du Gazte Kultur Bonoaren 2026ko edizioa, eta aurreko urteetan bezala, aurten 18 urte betetzen dituzten gazteek 400 euroko laguntza jasotzeko aukera izanen dute kultura-jardueretan eta produktu kulturaletan gastatzeko.
Aurtengo deialdiak bi berritasun nagusi dakartza. Alde batetik, bonoa egoera zaurgarrian dauden gazteentzat eskuragarriagoa izanen da. Bestetik, laguntzaren erabilera zabaldu egin da, sormen artistikoa sustatzeko.
Horri esker, 400 euroak osorik erabili ahal izanen dira musika-tresnak erosteko, arte-materiala eskuratzeko edo prestakuntza artistikoa jasotzeko. Hau da, bonoa ez da soilik kultura kontsumitzeko tresna izanen; hemendik aitzina, sortzeko eta ikasteko ere balioko du.
Neurri horrekin, kultura eta artea praktikatzeko aukera gehiago eskaini nahi dizkiete gazteei, tailer batean izena emanez, sormen-ikastaro bat eginez edo lehen musika-tresna erosiz.
2025ean, 366.000 gaztek erabili zuten Gazte Kultur Bonoa, hau da, laguntzaren hartzaile izan zitezkeen gazteen %70ek. Kultura Ministerioaren helburua da 2026an kopuru hori handitzea eta %85era iristea.
Deialdiaren xehetasunak eta eskabideak aurki argitaratuko dira. 18 urte beteko badituzu aurten, adi egon, aukera interesgarria baita kulturaz gozatzeko eta zure sormen-proiektuak martxan jartzeko.
