AMMA: Andoaingo emakume musulman gazteek beren ahotsa entzunarazi nahi dute

Tumatxa Gazteak

Andoaingo gazte talde batek AMMA, Andoaingo Emakume Musulmanen Elkartea, sortu du herriko emakume musulmanei ikusgarritasuna emateko eta topagune berriak sortzeko. Ekimena Gazteak Auzolanean programaren laguntzari esker garatu da, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Gazteria Departamentuak sustatutako dirulaguntza lerroaren bidez.

Proiektua hasieran “Gure tartea, gure tea” izenarekin abiatu zen, eta helburu argi batekin: emakume musulmanek beren esperientziak lehen pertsonan kontatzeko espazio propioa izatea. Elkarteko sustatzaileen esanetan, askotan haiei buruz hitz egin da, baina gutxitan entzun da haien ahotsa.

Jasotako laguntzari esker, AMMAk lehen jarduera publikoa antolatu zuen martxoan, Ramadanaren amaiera ospatzeko gosari ireki batekin. Herritarren harrerak agerian utzi zuen horrelako topaguneek duten garrantzia.

Ordutik, hainbat ekimen jarri dituzte martxan: euskara eskolak emakume musulmanentzat, Chillida Lekurako irteera, eta Hijas de la Nakba dokumentalaren inguruko zineforuma, besteak beste. Gainera, ekainaren 5ean Palestinaren aldeko azoka txiki bat egingo dute Andoainen.

Goizane Álvarez Kultura eta Gazteriako diputatuaren arabera, AMMAk ezin hobeto erakusten du Gazteak Auzolanean programaren espiritua: behar bat identifikatu eta gazteek beraiek eraldaketarako proiektuak sortzea. Horrelako ekimenek, gainera, Gipuzkoa kohesionatuagoa, berdinzaleagoa eta anitzagoa eraikitzen laguntzen dute.

Elkarteko kideek beste gazte batzuk ere animatu nahi dituzte antzeko proiektuak martxan jartzera: ideia bat baduzu, saiatu. Haien ustez, laguntza eskatu eta lehen pausoa ematea da garrantzitsuena.

Erlazionatutako sarrerak