DanZ’26 ailegatu da Iruñera: dantza garaikidea hilabete osoan
Tumatxa Gazteak
Urtarrilaren 10etik 31ra, Iruñeak berriz hartuko du DanZ’26 dantza garaikidearen zikloa. Aurtengo edizioan ikuskizunak, tailerrak, topaketak eta familia jarduerak izanen dira Civivox Iturraman eta Civivox Pompelon.
Jaialdiaren xedea da dantza garaikidea jendeari hurbiltzea eta, aldi berean, inklusioa, sormena eta hausnarketa sustatzea.
Egitaraua aurkezteko agerraldian izan ziren Maider Beloki Unzu Kultura zinegotzia, Laida Azkona Goñi, Arantxa Garatea Elzaburu eta Sandra Ayelo Pérez, Atena Fundazioaren izenean.
Zikloa Iruñeko Udalak antolatzen du, ATALAK Sarearekin elkarlanean.
Lehen jarduera “Kanpamentu galaktikoa” izanen da, urtarrilaren 10ean, Civivox Iturraman. Familiaendako esperientzia murgiltzailea da, eta “El nuestro refugio galáctico” obraren sormen prozesuaren parte da. Pieza hori heldu den martxoan estreinatuko dute.
Lehen dantza ikuskizuna urtarrilaren 15ean izanen da: “Prima natura”, Aragoiko Violeta Borruel Konpainiaren eskutik. Jatorria eta lurraldearekiko lotura lantzen ditu obrak, eta 19:30ean hasiko da. Sarrerak 3 eurotan izanen dira.
Txikienek ere izanen dute beren tartea. “FLORes” ikuskizuna, 1 eta 4 urte arteko haurrendako prestatua, urtarrilaren 24an eskainiko dute. Dantza eta esperientzia sentsoriala nahasten dituen proposamena da.
Gazte eta helduendako, berriz, “Instantes sentidos” izanen da urtarrilaren 29an. Atena Konpainia Artistikoaren lanak gorputzaren eta memoriaren inguruko bidaia koreografikoa proposatzen du. Konpainian desgaitasun intelektuala duten eta ez duten dantzariak elkarrekin aritzen dira.
Zikloaren barrenean, “Iruditeria posibleak” tailerra ere eginen dute urtarrilaren 17an, 24an eta 31n, Inés Aubert Badillaren gidaritzapean. Tailerrak mugimendua eta gorputzaren kontzientzia landuko ditu, bereziki dibertsitate funtzionala duten kolektiboei begira.
Gainera, topaketa performatiboak eta sormen prozesuen erakusketak ere izanen dira. Horietako batzuk La Faktoriako ikasleek eskainiko dituzte, publikoarekin beren lanak partekatzeko.
Jardueretarako sarrerak eta izen-emateak 010 telefonoan, Civivox sarean edo pamplonaescultura.es webgunean egiten ahal dira.
Dantza garaikidea bertze modu batean ezagutu nahi baduzu, DanZ’26k aukera franko ekarriko ditu hilabete honetan Iruñean.
