Trapezistak Programa 2024
‘Trapezistak’ du izena Euskal Autonomia Erkidegoan, laguntza-sarerik ez duten gazteei gizarteratzeko eta helduarora igarotzeko babesa ematen dien programa. Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko Sailaren bultzadaz sortutako ekimenari esker, 58 lagunek emantzipazio-helburuak bete dituzte 2024ko lehen sei hilabeteetan.
Aurtengo lehen seihileko datuei erreparatuz gero, parte- hartzaileen % 12k egonaldia amaitu dute, eta programaren emantzipazio-helburuak lortu dituzte. 58 lagunek parte hartu dute, eta soilik % 6,3 (31 lagun) geratu dira programaren emantzipazio-helburuak lortu gabe; % 81,7k (397 lagunek) Trapezistak programak eskaintzen duen laguntza pertsonalizatuko prozesuan jarraitzen du.
Guztira, laguntza-sarerik gabeko 486 gazteri lagundu diete 2024ko lehen seihilekoan, eta epe horretan 86 sarrera berri erregistratu dira. Izan ere, 2023ko azken seihileko sarrerak ere zenbatuta, urtebetean 204 lagun berri sartu dira programan. Jarraitzen dutenen % 42 hasierako edo oso hasierako prozesuetan daude; izan ere, proiektu honek denbora behar du ibilbide indibidual eta pertsonalizatu horiek eraikitzeko.
Lehen seihileko honetan, hau da gehien errepikatzen den profil “trapezista”: gizonezkoa ( % 93), batez beste 23,2 urte dituena, eta familiarik gabe migratzen duena, batez ere Marokotik ( % 87); Euskadin bizitzen 18 hilabete baino gehiago daramatza, hiri-ingurunean bizi da, erroldatuta dago eta osasun-txartela du, eta gizarte-laguntzako sarea eraikitzen ari da.
Programa honek Europako Batasunaren errekonozimendua jaso du aurten. Izan ere, Europako Eskualdeen Batzordeak Trapezistak programa nabarmendu du erronka larrienei aurre egiteko hamar eredu arrakastatsuenen artean, eta eredu gisa jarri du aldaketa demografikoaren atalaren barruan.