Rock Gazte Talent: finaleko suziria pizteko prest

Abenduaren 8 eta 9an, Gasteizko Jimmy Jazz aretoak Gazte Talent 2025 lehiaketako azken fasea hartuko du. Bertan, 14 eta 35 urte bitarteko banda eta bakarlari gazteek eszenatoki gainean lehertuko dute euren talentua. Sarrera doakoa da, eta ateak 18:00etan irekiko dira.

Gazte Talent, Gasteizko Udalak eta Jimmy Jazz elkarteak antolatutako musika lehiaketa, azken txanpan sartzen da berriro. Arabako Foru Aldundiaren, Laboral Kutxaren eta Araba Euskarazen babesarekin, aurtengo finalean rock alternatiboa, soinu akustikoak eta pasarte esperimentalak nahastuko dira, belaunaldi berrien aniztasuna erakutsiz.

Abenduak 8 – Laboral Kutxa Saria (25-35 urte)
Lehen egunean hiru talde arituko dira. Dalton & Co bikoteak bi ahots eta bi gitarra akustikoren bidez bertsioak eta bi abesti original aurkeztuko ditu, doluari eta mitologiari lotutako istorio intimoak kontatuz. Haiekin batera, Deriba Amurrioko eta Urduñako laukote rockeroa igoko da, gizartearen arazoak euren lehen diskoaren atariko abestietan islatzen dituztenak. Hirugarrenik, Dirdaia hirukoteak euskarazko rock alternatibo indartsua ekarriko du, “Printzak” izeneko lehen diskoa prestatzen ari diren bitartean.

Abenduak 9 – Gazte Talent Saria (14-24 urte)
Bigarren gauean plaza gazteenek hartuko dute. NUN proiektuak mitologia eta egungo aberastasuna pop-rock giro instrumentalago batean nahastuko ditu. Deus Ez taldeak The Pixies edo Belako bezalako erreferentziak euskarara ekartzen ditu, lagunartean sortutako rock alternatibo freskoarekin. Eta Makriba laukoteak The Cure edo Itoizen eraginak dituen rock dantzagarria eskainiko du, distira handiko kitarrek eta koroek gidatuta.

Bi egunetan talentu gazteak erakusteko festa handia izango da, eta ikusleek etorkizuneko eszenaren lehen lerroa bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute. Zorionak finalista guztiei!

Erlazionatutako sarrerak