Naturan, antzerkian eta teknologian: gazteendako 23 proiektu berri
Tumatxa Gazteak
Gazteriaren Aurrekontu Parte-hartzaileen bidez, aurten 23 proiektu jarriko dira martxan Nafarroan, guztira 30.000 euroko aurrekontuarekin. Ekimenek sormena, parte-hartzea eta ongizatea sustatu nahi dituzte gazteen artean.
Proposamenetako bat “Cuerpo-Raíz” da. Doneztebe/Santestebanen, emakumeendako topaketa antolatuko da, autoezagutza, natura eta landa-ingurunea uztartuz. Tailerrak, tokiko proiektuak ezagutzeko saioak eta kultur jarduerak izanen dira.
Bestalde, “Kabaret Baztan-Bidasoa” ekimena Baztanera, Bortzirietara eta Malerrekara ailegatuko da. Euskaraz garatutako proposamen honek LGTBIQ+ gazteei aukera emanen die identitatea eta genero-adierazpena antzerkiaren eta kabaretaren bidez lantzeko.
Antzerkiak ere protagonismoa izanen du “Diario de un Conquistador” lanarekin. Nafarroako gazteek sortutako obra honek historiaren kontakizunak ikuspegi kritikotik aztertzea proposatzen du, eta Artajonan nahiz Berriobeitin aurkeztuko da.
Teknologia maite dutenek ere badute hitzordua: “Navarra Code&Game 2026” ekimenak programazioa eta berrikuntza modu dibertigarri eta inklusiboan hurbilduko dizkie gazteei. Eta komunitatearen aldeko apustua egiten dutenentzat, Mendillorrin baratze komunitario bat sortuko da, elkargune berriak eta naturarekiko lotura sustatzeko.
Hauek dira aurten hautatutako 23 proiektuetako batzuk; iaz baino askoz gehiago, 14 izan baitziren.
Informazio gehiago:
juventudnavarra.es
