Musika Sakratuaren Jaialdiko sarrerak salgai dira jada

Martxoaren 22tik 31ra, Musika Sakratuaren Jaialdiak Iruñea musikaz beteko du, Aste Santua baino lehen. Egitarauan kontzertu franko izanen dira: batzuk Baluarten eta Civivox Pompelon, eta bertze zenbait Katedralean, San Saturninon eta San Antonio elizan.

Baluarteko eta Civivoxeko emanaldiendako sarrerak 15 eurotan daude salgai, Baluarte eta Pamplona es Cultura webguneetan. Elizetako kontzertuak, berriz, dohainik izanen dira, toki guztiak bete arte.

Jaialdia martxoaren 22an hasiko da, 19:00etan, Civivox Pompelon. “Antiquae. Nafarroako bakarlari eta talentua” emanaldian, Sinfonía Navarra eta bertze musikari batzuk ariko dira.

Martxoaren 23an, Sinfonietta de Pamplonak “Berpiztu” kontzertua eskainiko du Baluarten. Mendelssohn, Elgar eta Francken obrak entzuten ahalko dira.

Martxoaren 25ean, Iruñeko Santa Maria Katedralean izanen da “Pasioaren kontakizuna” kontzertua. Eta martxoaren 28an, Iruñeko Ganbera Abesbatzak eta Accademia del Piacerrek “Saeta” aurkeztuko dute Civivox Pompelon.

Azken txanpan, martxoaren 29an, San Saturnino elizan eginen dute “Adoramus te, Christe” emanaldia, eta biharamunean, San Antonion, San Fermin Abesbatzak “Ave Mariatik Regina Caelira” eskainiko du.

Jaialdiari bukaera emateko, martxoaren 31n, Nafarroako Abesbatzen Federazioaren Abesbatza Sinfonikoa eta Soriako Gazte Orkestra ariko dira Baluarten, “Inmensidad Sinfónica” kontzertuarekin.

Musika klasikoa eta giro berezia gustuko badituzu, aukera polita duzu egun hauetan Iruñean.

Informazio gehiago:
www.pamplona.es/eu

Erlazionatutako sarrerak