Iruñea eta NUP elkarlanean gazte migratzaileen inklusioa indartzeko
Tumatxa Gazteak
Iruñeko Udala eta Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP) elkarlanean ariko dira hemendik aitzina gazte migratzaileekin talde lana eta gizarteratzea sustatzeko.
Akordioa Aukera Proiektuaren barrenean kokatzen da, eta batez ere Milagrosa-Arrosadia auzoetako gazte migratzaileei laguntzea du helburu.
Hitzarmena sinatu dute Txema Mauleón Gizarte Ekintzako zinegotziak eta Begoña Pérez NUPeko errektoreordeak. Aurkezpenean izan dira baita Rubén Unanua, Natalia Tajadura eta Rubén Lasheras ere.
Lankidetza honi esker, Gizarte Laneko ikasleek benetako esperientzia praktikoa izanen dute, gazte migratzaileen errealitatea gertutik ezagutuz.
Programaren barrenean, ikasleak gazteekin harreman zuzenean ariko dira, sare komunitarioak sortzeko eta laguntza espazioak indartzeko.
Gainera, NUPeko kirol eskolak ere zabalduko dituzte bazterketa arriskuan dauden gazteendako, kirola integrazio eta harreman tresna gisa erabiliz.
Egitasmoak jarraipen eta ebaluazio etengabea izanen du, gazteen beharretara egokitzeko.
Horrez gain, NUPek gelak eta instalazioak eskainiko ditu Aukera proiektuko jarduerak egiteko.
Hitzarmena 2026ko abenduaren 31ra arte egonen da indarrean, eta luzatzeko aukera ere izanen du.
Aukera proiektuak urteak daramatza gazte migratzaileekin lanean, eta Milagrosa-Arrosadia auzoetan egindako lanak emaitza positiboak eman ditu jada.
Prestakuntza, aisialdia eta komunitate lana uztartuz, gazteen inklusio soziala eta autonomia sustatzea dute helburu.
Gazte migratzaileendako babes sareak eta espazio seguruak sortzea gero eta garrantzitsuagoa da Iruñean.
