Iruñak 165.000 euro bideratuko ditu haur eta gazte proiektuetara

Tumatxa Gazteak

Iruñeko Udalak dirulaguntza deialdi berria abiatu du, irabazi-asmorik gabeko elkarteek haur eta gazteendako proiektuak garatu ditzaten.

Deialdiak guztira 165.000 euroko aurrekontua izanen du, eta helburua da 0 eta 30 urte arteko haur eta gazteen bizi-kalitatea hobetzen duten egitasmoak sustatzea.

18 urtez azpikoendako proiektuek bereziki kontuan hartu beharko dituzte haurren eta nerabeen eskubideak.

Eskaeren xehetasun guztiak Iruñeko Udalaren Egoitza Elektronikoan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu dituzte, apirilaren 16ko alean.

Dirulaguntza eskatzeko epea maiatzaren 18ra arte egonen da zabalik, eta tramite guztiak modu telematikoan egin beharko dira.

Aurkeztuko diren proiektuek gazteen parte-hartze aktiboa sustatu beharko dute, ingurune hurbiletik abiatuta. Horrez gain, sormena, autonomia eta gizarte-konpromisoa lantzea ere baloratuko dute.

Udalak garrantzi berezia emanen die ahultasun egoeran dauden pertsonak kontuan hartzen dituzten proiektuei eta genero-berdintasuna sustatzen dutenei.

Elkarte bakoitzak proiektu bakarra aurkezten ahalko du, eta diruz lagundutako jarduerak 2026ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean egin beharko dira.

Parte hartu ahal izateko, elkarteek irabazi-asmorik gabekoak izan behar dute, egoitza Iruñean eduki eta beharrezko aseguru guztiak izan.

Dirulaguntzak ez dira aurkeztutako aurrekontuaren %90 baino handiagoak izanen, eta gehienez 10.000 euro jasotzen ahalko dira. Azken kopurua proiektu bakoitzaren puntuazioaren arabera erabakiko dute.

Gazteekin lan egiten duten elkarteendako, aukera ederra izan daiteke ideia berriak martxan paratzeko eta sormena sustatzeko.

Erlazionatutako sarrerak