Ingurumena eta ohiturak: euskal gazteak plastiko gutxiagoren alde

Ekainaren 5ean ospatzen den Ingurumenaren Munduko Egunak gogorarazten digu gure eguneroko keinuek ere badutela eragina. 2025eko leloa argia da: “Plastikoek eragindako kutsadurarik gabe”, eta euskal gazte askok jada norabide horretan egiten dute.

Gazteriaren Euskal Behatokia-ren datuen arabera, Euskadiko 15 eta 29 urte bitarteko lau gaztetik hiruk (%75) normalean bere poltsa propioa eramaten du erosketak egitera. Gainera, %29,9k dio gutxi paketatutako produktuak erosten saiatzen dela, plastiko-kontsumoa murrizteko helburuarekin.

Joera hori pixkanaka indartzen joan da 2012tik 2023ra, batez ere norberaren poltsa edo orga erabiltzean. Aldiz, ontziratze gutxiko produktuen hautuak gorabeherak izan ditu azken urteetan. Datuen arabera, emakumeek eta adin handiagoko gazteek maizago hartzen dituzte ingurumenarekiko jokabide arduratsu horiek.

Konpromiso hori ez da eguneroko ohituretara mugatzen. 2024an, gazteen %88 ados edo oso ados zegoen klima-aldaketa geldiarazteko neurri zorrotzagoak hartzearekin, eta adostasun-maila handiagoa izan zen emakume gazteen artean.

Plastikoen kontsumoa murrizteak lotura zuzena du 2030 Agendako Garapen Jasangarrirako Helburuekin, bereziki ekoizpen eta kontsumo arduratsuarekin (12), klimaren aldeko ekintzarekin (13) eta ekosistemen babesarekin (14 eta 15). Gazteen keinu txikiek, beraz, eragin handia izan dezakete etorkizun jasangarriago bat eraikitzeko.

Datu hauek Gazteriaren Euskal Behatokiak bere GaztePanelean egindako inkestetatik datoz. Gazteen parte-hartzea funtsezkoa da haien errealitatea ezagutzeko eta politika publiko eraginkorragoak diseinatzeko.

Iturria: Gazteriaren Euskal Behatokia, GaztePanela eta ingurumen-ohiturei buruzko inkestak.

Erlazionatutako sarrerak