Getxoko gazteek aukeratuko dabe 2026ko Gau Beltz Gazteko programa
Getxo Kulturak eta Udaleko Partaidetza Zerbitzuak martxan ipini dabe Gau Beltz Gaztea 2026 programako proposamenak bozkatzeko fasea. Maiatzaren 28tik ekainaren 7ra, 16 eta 34 urte bitarteko getxotarrek gehien gustetan jaken ekintzak aukeratu ahal izango dabez.
Lehenengo fasean 12 ideia aurkeztu ebezan gazteek, eta orain zazpi proposamenetan batu ditue. Bozketan era askotako planak dagoz: kalejirak, beldurrezko esperientziak, kontzertuak edo familientzako jarduerak.
Proposamenen artean dagoz “Arimen kalejirak”, Getxoko kaleetan egingo litzatekezan desfile tradizionalak; edo “Neonezko gaua”, Muxikebarrin antolatuko litzatekeen musika eta argi ikuskizunen jaialdia. Beldurrezko planak gogoko dituenentzat, Punta Begoñako galerietan egingo litzatekeen “Beldurrezko galeriak” edo “Ez irten antzokitik!” esperientzia murgiltzailea be bozkatu ahal izango dira.
Familientzako eta gaztetxoentzako aukerak be badagoz, esaterako “Itzalen ihesgela” escape room tematikoa edo “El origen de Gau Beltza” kaleko tailer eta musika jarduerekin.
Proiektu irabazleak urriaren 31ko Gau Beltzean egingo dira, eta ekimenak 150.000 euroko aurrekontua izango dau.
Bozketea online egin daiteke Zeugaz plataformearen bidez.
