Getxoarte 2025: Hiru artista, hiru begirada
Getxoarte Egonaldi-beken seigarren edizioko irabazleak hautatuta daude: Sonia Bouso, Eider Moreno eta María Aztiria izango dira aurten Romo Kultur Etxean beren proiektuak garatuko dituzten artistak. Bakoitzak 5.000 euro jasoko ditu bost asteko ikerketa-aldirako, eta amaieran proiektuetako bat aukeratuko da erakusketa bihurtzeko. Hautatutako lan hori azaroan ikusgai egongo da, 10.000 euroko ekoizpenarekin.
Sonia Bouso “Cartografías de lo ausente” lanean naturarekin eta zientzia-arte uztarketarekin konektatzen da. Getxoko paisaia geologikoetan esku-hartze artistiko efimeroak egingo ditu, gerora argazkietan jasotzeko.
Eider Morenoren “Apurtu” proiektuak Lemoizko zentral nuklearraren inguruko gatazka soziala aztertzen du, irudi pixelatuen bidez indarkeria mota desberdinak kontrajarriz.
María Aztiriak, berriz, “Formas de convivencia” lanean Getxoko bizikidetza anitza omendu nahi du kolore eta forma geometrikoetan oinarritutako mural baten bidez.
Getxoarte beken helburua da arte garaikidearen inguruko ikerketa-prozesuak ikusaraztea, sortzaileei espazioak eta baliabideak eskainiz, eta artea herritarrengana hurbiltzea.
