Gazteendako sexu-osasun jardunaldian izena emateko epea zabalik da
Tumatxa Gazteak
Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuko Berdintasun, Gazteria, Hezkuntza eta Osasun departamentuek bi jarduera berezi antolatu dituzte maiatzaren 20rako eta 21erako, sexualitatearen eta harremanen inguruko ikuspegi osasuntsu eta positiboa lantzeko.
Egitasmoa bereziki 15 eta 30 urte arteko gazteei zuzendua dago, baina komunitate arloan lanean ari diren profesionalek ere parte hartzen ahalko dute.
Helburua da sexualitateaz modu naturalean hitz egiteko espazio seguruak sortzea, berdintasuna, errespetua eta harreman osasuntsuak oinarri hartuta.
Programaren barrenean bi hitzordu nagusi izanen dira. Lehena, Nafarroako Hiesaren Aurkako Herritar Batzordeak antolatutako film laburren lehiaketaren sari banaketa gala izanen da. Ekitaldia maiatzaren 20an eginen dute, Kondestable Jauregian, 18:00etatik 20:00etara, eta sarrera libre izanen da.
Bertan, hainbat ikastetxetako gazteek sexualitatearen inguruan sortutako ikus-entzunezko lanak erakutsiko dituzte. Epaimahaiaren sariak ez ezik, publikoaren saria ere banatuko dute, online bozkatzeko aukera izanen baita.
Bigarren hitzordua “Gazteria eta sexu-osasuna komunitate arloan” jardunaldia izanen da, maiatzaren 21ean, Iruñeko Gaztediaren Etxean. Saioa komunitate arloko profesionalei zuzendua dago, eta izen-ematea jada zabalik dago.
Goizean, 9:30etik 12:00etara, bost tailer eginen dituzte. Bertan landuko dituzte pornografiarekiko hezkuntza, lotura afektiboak, indarkeria sexualaren prebentzioa edo sexu digitalaren eragina, bertze gai batzuen artean.
Tailerrak hainbat erakundetako adituek gidatuko dituzte, hala nola Emaize Sexologia Zentroak, Lantxotegik, NUPek eta Oviedoko Unibertsitateko profesionalek.
Saioen ondoren, hitzaldi nagusi bat izanen da, gazteekin sexu-osasuna komunitate ikuspegitik lantzeko gakoetan sakontzeko.
Izen-ematea egiteko, deitu behar da 010era edo 948 420 100 telefonora.
Sexualitateaz modu osasuntsuan eta irekian hitz egiteko espazioak gero eta beharrezkoagoak dira gazteendako.
