Filmak eta solasaldiak Iruñeko Gaztediaren Etxean, #CineTag ziklo berriarekin

Tumatxa Gazteak

Larunbat honetan, apirilak 11, #CineTag zinema ziklo berria hasiko da Iruñeko Gazte Etxeko areto nagusian. Apiriletik ekainera, sei film ikusten ahalko dira dohainik, munduko hainbat herrialdetako zinemarekin.

Saio guztiak larunbatetan izanen dira, 18:00etan, eta filmak jatorrizko bertsioan eskainiko dituzte, gaztelaniazko azpitituluekin. Beraz, zinemaz gain, hizkuntzak praktikatzeko aukera ere izanen da.

Iruñeko Udalak antolatutako ziklo honek gaur egungo gaiak mahai gainean paratu nahi ditu, film bakoitzaren ondotik egiten diren aurkezpen eta solasaldien bidez.

Lehen emanaldian, “Collateral” (AEB, 2004) ikusiko dute. Michael Mann zuzendariaren thriller ezagunean, Tom Cruise eta Jamie Foxx aktoreak ariko dira. Istorioak taxilari baten eta hiltzaile profesional baten gau bakarreko bidaia kontatzen du.

Apirilaren 25ean, berriz, “Un asunto de familia” (Japonia, 2018) izanen da ikusgai. Hirokazu Kore-edaren film hunkigarriak Canneseko Urrezko Palma irabazi zuen, eta kalean abandonatutako neskatila bat hartzen duen familia baten istorioa kontatzen du.

Film bakoitzaren aurkezpena eta ondorengo solasaldia Arturo Barcenilla Tirapu eta Isabel Jaso Gallego zinema dibulgatzaileek gidatuko dituzte.

Maiatzean Europako zinemaren txanda izanen da. Maiatzaren 9an, Dino Risiren “La escapada” road movie klasikoa eskainiko dute. Eta maiatzaren 23an, Audrey Diwanen “El acontecimiento” ikusten ahalko da; film horrek Veneziako Urrezko Lehoia irabazi zuen.

Ekaina Oscar saridun bi filmekin ailegatuko da: ekainaren 13an, Paolo Sorrentinoren “La gran belleza”, eta ekainaren 27an, Asghar Farhadiren “Nader y Simin. Una separación”.

Zinema gustuko baduzu eta pelikulen inguruan solastatzea maite baduzu, baduzu larunbatetako plan ederra Gazte Etxean.

Informazio gehiago:
www.pamplona.es/eu

Erlazionatutako sarrerak