ETS bueltan da: “KONKISTA”, barne bidaia baten soinu-banda

Hiru urteko isilaldiaren ondoren, ETS inoiz baino indartsuago dator. Taldeak bere seigarren diskoa, KONKISTA, aurkeztuko du azaroaren 30ean Gasteizko Buesa Arenan, estreinaldi berezi batean: entzunaldi gidatua, ikus-entzunezkoak eta publikoarekin harremana uztartuko dituen esperientzia bakarra.

“KONKISTA” ez da disko arrunta: emozioen bidezko bidaia da. ETSk azaltzen duenez, “Bizitza bera bezain kontraesankorra da diskoa: kaos emozionaletik jaiotakoa, barruko orbainak ulertzeko eta norbere konkista egiteko.”

Lan berrian, ETSk nazioarteko ekoizleekin lan egin du, euskarazko musikaren mugak zabaltzeko. Pop, rock eta elektronika ukituak batzen dira estilo libre eta ausart batean, taldearen heldutasuna eta nortasuna agerian utziz.

Estreinaldi hau, Arabako Foru Aldundiaren babesarekin eta Gaztearen laguntzarekin, zaleei eskainitako opari bat izango da. Listening Party formatuan, parte-hartzaileek diskoa taldearekin batera entzungo dute, kantu bakoitzaren atzean dauden istorioak ezagutuz eta ikus-entzunezko eduki berriak estreinatuz.

Ekitaldiak prezio sinbolikoa izango du eta plaza mugatuak, beraz, adi! Sarrerak azaroaren 13an, 11:00etan jarriko dira salgai.

Erlazionatutako sarrerak