Animez mukuru: FAN 2025 heldu da Condestable Jauregira!

Tumatxa Gazteak

Animea gustuko baduzu, asteburu honetan plan potoloa duzu Iruñean. Nafarroako Anime Jaialdia (FAN 2025) gaur arratsaldean hasiko da Condestable Jauregian, eta igandera arte jardueraz mukuru egonen da.

Lehen aldiz, jaialdia kale Nagusiko 2. zenbakiko egoitzan eginen dute, eta anime japoniarraren zaleendako proposamen franko izanen dira: proiekzioak, tailerrak, erakusketak, bideo-jokoak eta kultura japoniarrarekin lotutako jarduerak.

Egitarauan izanen dira anime serie eta filmen emanaldiak, baita kendo eta kyudo erakustaldiak ere. Gainera, japoniar hizkuntza klaseak eta hitzaldi bereziak antolatu dituzte.

Parte hartuko dute, bertzeak bertze, Juan Zapater López eta Javier Armentia Fructuoso adituek, baita Selecta Visión eta Jonu Media banatzaile ezagunek ere.

Tailerren artean izanen dira:

  • kaligrafia japoniarra
  • Sashiko brodatuak
  • Mokuhanga grabatua
  • Amigurumi kakorratza
  • eta Kokedama edo goroldio bolak

Plaza gehienak ia beteak dira jada.

Ohitura bilakatu den bezala, aurten ere izanen da nahiak idazteko zuhaitza, koloretako zintak erabiliz. Instalazioa Pablo Juarros Marcosen hiru metroko eskultura batean egonen da.

Gainera, anime eta bideo-joko giroa indartzeko:

  • Super Smash Bros txapelketa eginen dute
  • eta animeko opening-en triviala ere bai

Irabazleek sariak eramanen dituzte.

Filmen artean, larunbatean emanen dute:

  • “Hols, Eguzki Printzea eta Printzesa liluratua” (1968), Isao Takahata-ren lana

Igandean, berriz:

  • “Sakasama no Patema” (2013) ikusgai izanen da
  • eta arratsaldean pelikula sorpresa bat eskainiko dute

Jaialdian zehar, gainera, anime produktuen azoka ttipi bat izanen da, baita japoniar janaria eta opariak ere.

Erakusketak urtarrilaren 11ra arte egonen dira ikusgai, eta honako egile eta lanak bilduko dituzte:

  • Katsuhiro Otomo
  • Osamu Tezuka
  • Silvia Fernándezen amigurumiak
  • eta “Nahiaren zuhaitza” instalazioa

Animea, manga edo Japoniako kultura gustuko badituzu, FAN 2025 asteburu ederra izan daiteke lagunekin gozatzeko.

Erlazionatutako sarrerak