Jaietan, onena errespetua da beti
Udako festak gozatzeko dira, eta hori gogorarazi nahi du Nafarroako Gobernuak martxan jarri duen “Jaietan, planik onena errespetua da beti” sentsibilizazio-kanpainak. Gazteei bereziki zuzendutako ekimen honek helburu argia du: errespetua, adostasuna eta tratu ona jaietako giroaren oinarri izatea.
Kanpainaren irudian, selfie bat ateratzen ari den gazte-kuadrilla ageri da, eta bi mezu zabaldu nahi ditu: «Mugak onartzearen plazeraz gozatu» eta «Gauza bera nahi izatearen plazeraz gozatu». Mezu horien bidez, harreman guztietan adostasuna eta elkarrekiko errespetua ezinbertzekoak direla azpimarratzen da.
Ekimena Nafarroako Berdintasunerako Institutuak (INAI/NABI) bultzatu du, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuarekin (NOPLOI), Nafarroako Gazteriaren Institutuarekin (NGI) eta Hezkuntza Departamentuarekin elkarlanean.
Kanpainako material guztiak Nafarroako toki entitateen eskura daude. Udalek kanpainari atxikitzen ahal zaizkio, eta kartelak eta ikus-entzunezko materialak deskargatu, jaietako programetan, kaleetan edo sare sozialetan zabaltzeko. Gainera, iaz bezala, udalerri bakoitzak bere herriaren izena eta armarria txertatzen ahal ditu kartel nagusian, kanpaina bere errealitatera egokituz.
Helburua argia da: jaietan denek askatasunez, segurtasunez eta errespetuz gozatzeko giroa sustatzea. Izan ere, planik onena beti bera da: errespetua.
