Unibertsitate Antzerki Hamabostaldia Civivoxera iritsi da

Tumatxa Gazteak.

Civivox sareak martxoaren 12ra arte hartuko du Unibertsitate Antzerki Hamabostaldiaren edizio berria. Egitasmoa Nafarroako Unibertsitateko Museoaren Campus Sortzailearekin elkarlanean antolatu dute, eta aurtengoan Mutis por el Foro eta Atrezzo konpainiek parte hartuko dute.

XXVIII. edizio honetan, guztira zazpi antzezlan eskainiko dituzte Civivox Iturraman, Mendillorrin eta San Jorgen, betiere 19:00etan. Sarrerak merke izanen dira: euro 1 bakarrik. Tiketak 010 telefonoan, Civivox sarean edo Pamplona es Cultura webgunean eskuratzen ahal dira.

Zikloa martxoaren 2an hasiko da, Civivox Iturraman, Luis Estesoren “Afari familiar bat” lanarekin. Mutis por el Foro konpainiak familia-gatazkez beteriko komedia ekarriko du oholtzara: afari lasaia zirudiena sekretu, eztabaida eta egoera barregarriz mukuru bukatuko da.

Biharamunean, Civivox Mendillorrin, Oscar Wilderen “Lord Arthur Savilleren krimena” antzeztuko dute. Komedia eta satira uztartzen dituen obra da, ohorearen eta zorionaren inguruko erabakiekin jolasten duena.

Lehen astea martxoaren 5ean bukatuko da, berriz ere Civivox Iturraman, Tina Feyren “Plastikoak” lanarekin. Bigarren hezkuntzako institutu estatubatuar batean girotutako komedia honek ospea, traizioa eta talde-presioa izanen ditu hizpide.

Bigarren astean bertze lau obra izanen dira. Martxoaren 9an, Atrezzok “Nor naiz” aurkeztuko du Civivox San Jorgen; identitateari eta norbere buruaren maitasunari buruzko gogoeta da.

Martxoaren 10ean, Lorcaren klasiko ezaguna den “Odol ezteiak” itzuliko da Civivox Mendillorrira, grinaz eta tragediaz beteriko istorioarekin.

Martxoaren 11n, Atrezzok Cervantesen “Mirarien retabloa” taularatuko du San Jorgen, giza sineskeriaren inguruko satira zorrotza.

Eta azkenik, martxoaren 12an, Mutis por el Foro konpainiak emanen dio amaiera zikloari Civivox Iturraman, “Musikaren Aingerua” obrarekin; “Opera Fantasma” klasikoan inspiratutako drama erromantikoa.

Antzerkia gustuko baduzu, aukera ederra duzu egun hauetan Civivoxen.

Informazio gehiago:
www.pamplona.es/eu

Erlazionatutako sarrerak