Parte hartu LEGO “Robolimpiadetan” Gazte Etxean
Tumatxa Gazteak
Robotika gustuko baduzu, adi! Gazte Etxeak “Robolimpiadak” antolatu ditu apirilaren 8tik 10era, eta parte-hartzaileek LEGO piezekin robotak eraiki eta programatzen ikasiko dute.
Jarduerak Gazte Etxeko Ziber Aulan eginen dira, egunero 11:00etatik 14:00etara, eta 12 eta 30 urte arteko gazteendako izanen dira. Guztira 20 plaza izanen dira, eta parte-hartzea dohainik da.
Saioak Mónica Ruiz Palacios First LEGO Leagueko kideak eta Alejandro Nicolai Sánchez Gazte Etxeko kolaboratzaileak gidatuko dituzte.
Hiru egunetan zehar, robotak muntatu, programatu, probatu eta hobetzen ariko dira parte-hartzaileak. Helburua izanen da robotek mugimendu zehatzak egitea, ingurunearekin elkarreragitea eta modu autonomoan erabaki batzuk hartzea.
Erronkak kirol olinpikoetan inspiratuak izanen dira: atletismoa, igeriketa edo gimnastika erritmikoa, bertzeak bertze. Talde bakoitzak probak gainditzeko estrategia propioa sortu beharko du.
Lehen egunean, oinarrizko robota eraikitzen hasiko dira eta lehen mugimenduak programatuko dituzte: aitzina, gibelera eta biraketak. Gainera, lehen lasterketak eta zehaztasun probak eginen dituzte.
Bigarren egunean, robotek sentsore berriak izanen dituzte: ukipen sentsorea eta argi edo kolore sentsorea. Horiekin, lerroak jarraitu, koloreak detektatu edo oztopoak saihesten ikasiko dute.
Azken egunean, erronkak zailduko dira. Ultrasoinu sentsorea eta motor gehigarriak erabiliko dituzte objektuak mugitzeko edo distantziak neurtzeko. Robotek erabaki autonomoak hartu beharko dituzte multi-erronka zirkuituetan.
Saio guztietan, ez da soilik abiadura edo teknikotasuna baloratuko. Talde lana, sormena eta etengabeko hobekuntza ere kontuan hartuko dituzte.
Programazioan LEGO Mindstorms EV3 Classroom sistema erabiliko dute.
Robotika, teknologia eta taldeko erronkak gustuko badituzu, plan bikaina duzu Aste Santua baino lehen!
Informazio gehiago:
www.pamplona.es/eu
