Iruñeko Mintzodromoak 160 lagun bildu ditu, gazteak ere protagonista!
Tumatxa Gazteak
Aste honetan egin dute Iruñerriko Mintzodromoaren bosgarren edizioa, eta giro ederra izan da Baluarteko Gazteluko Aretoan. Guztira 160 lagunek parte hartu dute euskaraz solastu, jende berria ezagutu eta hizkuntza praktikatzeko ekimenean.
Aurten, gainera, gazteen presentzia nabarmena izan da. 20 urtetik gorako gazte askok parte hartu dute, euskara erabiltzeko espazio informal eta eroso baten bila. Hain zuzen ere, Mintzodromoaren helburu nagusietako bat hori da: euskaraz hitz egiteko lotsa alde batera utzi eta gazteen artean sare berriak sortzea.
Ekitaldian gonbidatu bereziak ere izan dira: Claudia Rodríguez musikaria, Sarai Robles bertsolaria, Joseba Beramendi “Exprai” ilustratzailea eta Oskar Alegría zinema zuzendaria.
Mintzodromoa Mintzakide programaren barrenean egiten da, eta Iruñeko Udalak sustatzen du. Parte-hartzaileek talde txikitan hitz egiten dute gaur egungo gaiei buruz, 15 edo 20 minutuko saioetan. Ondotik, mahaiz aldatzen dira eta jende berriarekin solastatzen hasten dira berriz.
Sistema dinamiko horri esker, euskara ikasten ari diren gazteek praktika egiteko eta konfiantza hartzeko aukera dute.
Parte-hartzaileen artean bazeuden Zubiarten euskaltegiko, AEK-ko, IKA-ko, Hizkuntza Eskola Ofizialeko eta Euskarabideako ikasleak, baina baita beren kabuz ikasten ari diren gazteak ere.
Gutxieneko maila B1 zen, eta ez zen beharrezkoa inon matrikulatuta egotea parte hartzeko.
Saioa girotzen aritu ziren baita Euskalerria Irratia-ko profesionalak ere, eta programa berezi bat grabatu zuten bertatik.
Mintzakide programak indarra hartzen segitzen du. Aurten 504 parte-hartzaile ditu, talde txikitan banatuta, eta urte osoan izena emateko aukera dago. Gainera, hilero jarduera bereziak eta interesen araberako taldeak antolatzen dituzte.
Euskara praktikatu eta jende berria ezagutu nahi baduzu, Mintzakide bezalako egitasmoak aukera ederra dira gazteendako.
