XAREk Gasteizera konektatuko ditu gazteak eta euskarazko kultura digitala

Euskaraz sortu, jokatu, pentsatu eta esperimentatzeko bi eguneko hitzordua izango da XARE Euskarazko Kultura Digitalaren Jardunaldiena, abenduaren 17an eta 18an, Europa Biltzar Jauregian. Guztira, 672 gaztek hartuko dute parte ekimenean.

Pantailen atzean ere euskaraz bizi daitekeela erakustea. Hori da XARE Euskarazko Kultura Digitalaren Jardunaldien erronka nagusia, eta seigarren urtez jarraian Vitoria-Gasteizen beteko du helburua. Abenduaren 17an eta 18an, Europa Biltzar Jauregia gaztez, ideiez eta teknologiaz beteko da, Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako 672 ikasle euskarazko unibertso digitala ezagutzen eta sortzen jarriko baitira.

XARE ez da hitzaldi soil bat, ezta erakustaldi hutsa ere. Esperientzia bat da. Gazteek bertatik bertara probatzeko aukera izango dute tailer praktikoetan, joko digitaletan, ihes-joko batean eta zuzeneko musikan, betiere euskaratik eta euskaraz. Helburua argia da: gazteak kontsumitzaile pasibo izatetik, euskarazko ekosistema digitaleko sortzaile aktibo izatera igarotzea.

Bi egunetan zehar, ikasleek hiru gune nagusi izango dituzte eskura. IKAS gunean, musika autoekoizpena, robotika, adimen artifiziala, bideojokoak, 3D inprimaketa edo app-ak sortzeko tresnak landuko dituzte. ERA gunean, sare sozialetan arduraz jarduteari, arrasto digitalari eta pentsamendu kritikoari buruzko hitzaldi interaktiboak izango dira. Eta JOLAS gunean, Egunean Behin jokoaren partida kolektiboa eta aurtengo berrikuntza nagusia den Zainduz Saretu ihes-jokoa.

Azken horretan, sarean egunero gertatzen diren egoera errealak aztertuko dituzte: gorroto-diskurtsoak identifikatu, fake news-en aurrean nola jokatu pentsatu, sexting-az eztabaidatu edo harreman digitaletan “red flag” eta “green flag”-ak antzeman. Taldean, mugikorra eskuan eta QR kodeen bidez, erabaki kolektiboak hartzen ikasiko dute.

Egitaraua osatzeko, Miren Narbaiza MICE musikariak zuzeneko kontzertu akustikoa eskainiko du, euskal sorkuntza garaikidearen beste adibide bizi bat eskainiz. Gainera, euskarazko kultura digitala lantzen duten profesional eta proiektu askok gidatuko dituzte jarduerak, euren jakintza eta grina gazteei kutsatzeko asmoz.

2017an abiatu zenetik, XAREk 14.340 gazte baino gehiago batu ditu, eta Gasteizko hitzordu bikoitza izango da 2025eko azken geltokia. Argia da mezua: etorkizun digitala eraikitzeko, gazteak konektatuta egon behar dira… eta euskaraz.

Erlazionatutako sarrerak