Uxue Kerejetak ‘Amaiera’ izenburuko lehen albuma plazaratu du
Uxue Kerejetak Amaiera izeneko lehen diskoa plazaratu du, urte luzez musikan pilatutako esperientziari forma pertsonal eta ausarta emanez. 1999an Zumarragan jaioa, trikitilaria, panderojolea eta abeslaria da, baina lan honetan beste alde intimoago bat erakusten du: gitarra akustikoan eta ahotsean oinarritutako bederatzi kanta, barrutik idatziak.
Diskoak norberaren barne-mundua, identitatea eta emozioak ditu ardatz, eta soinu aberats batez jantzia dago: teklatuak, gitarra elektrikoa, baxua eta bateria entzun daitezke, baita Esanezin eta IDOIArekin egindako kolaborazioak ere. Gaztain Estudioan grabatua, Eñaut Gaztañagaren gidaritzapean, Amaierak hasiera berri baten indarra dauka. Izenak dioenaren kontra, Uxue Kerejetaren bakarkako ibilbidearen lehen urrats sendoa da, gazteentzako ahots propio eta zintzo batekin.
