Gazteendako Antzerki Zikloak sei obra ekarriko ditu Iruñeko Gaztediaren Etxera

Tumatxa Gazteak

Antzerkia gustuko baduzu, adi! Gazteendako Antzerki Zikloaren XX. edizioa heldu da, eta aurten sei emanaldi izanen dira maiatzaren 11tik 16ra bitartean Iruñeko Gaztediaren Etxean.

Ohiko entseguak han egiten dituzten bost talde ariko dira oholtzan: UPNA Antzerki Taldea, Improfesionales Antzerki Taldea, Speculum Vitae Elkartea, Acto Zero Elkartea eta Dramarte Elkartea.

Emanaldi guztiak 19:00etan hasiko dira, eta sarrera dohainik izanen da. Hori bai, gonbidapenak aurrez hartu beharko dira, bezperatik hasita.

Zikloari hasiera emanen dio UPNA Antzerki Taldeak. Astelehenean, “Kontatzeko istorioak” eskainiko dute, Osvaldo Dragúnen testuetan oinarritutako egokitzapena. Umore garratza eta satira erabiliz, gaur egungo gizartearen kontraesanak erakusten ditu obrak. Gainera, irrati-antzerkiaren formatua ere nahasten dute emanaldian.

Asteartean, talde berak “Tabernako istorioak” taularatuko du, Vicente Cañón Verdasco idazlearen lanean oinarrituta. Taberna bateko egoera eta pertsonaia desberdinen bidez, umorea, tristura eta eguneroko bizitzako tentsioak agertuko dituzte.

Asteazkenean izanen da zikloko proposamen berezienetako bat: Improfesionales Antzerki Taldearen “Martxan”. Inprobisazio saioa izanen da, aurrez idatzitako gidoirik gabe. Publikoaren proposamenetatik abiatuta sortuko dituzte eszenak eta pertsonaiak zuzenean.

Ostegunean, “Hitz baino gehiago” ikusten ahalko da, Pachi Muñozen sorkuntza. Helenaren istorioa kontatzen du; bere amaierako lana idazten saiatzen den bitartean, errealitatearen eta fikzioaren artean galduko da.

Ostiraleko proposamena “Hildako gizon bateri nana” izanen da. 20ko hamarkadako Chicago giroan kokatua, ihesean dabilen Michaelen istorioa kontatzen du, Falconeren jazarpenetik ateratzen saiatzen den bitartean.

Zikloari amaiera emanen dio larunbatean Dramarte Elkarteak, “Adelaren abanikoa” lanarekin. Lorcaren “Bernarda Albaren etxea” obraren moldaketa da, eta askatasunaren eta gizartearen presioen arteko gatazka du ardatz.

Antzerkia gustuko baduzu, aste osoko plan ederra duzu Iruñean.

Erlazionatutako sarrerak