Gazte Plaza 2025 Gasteizen

2025eko apirilaren 4an eta 5ean Gazte Plaza izeneko zikloa egingo dute Gasteizen. Ekimenean, udalerriko artista gazteek beren sormena eta talentua erakutsiko dute bertako Erdi Aroko Hirigunean.

Bi egun horietan zeha, hogeiren bat jarduera egingo dituzte: kontzertuak, tailerrak, pintura, antzerkia, poesia eta dantza bezalako proposamenak barne. Jarduera batzuetan aldez aurretik izena eman behar da (martxoaren 30era arte), eta beste batzuetan, berriz, sarrera librea izango da.

Erdi Aroko Hiriguneko hainbat txokotan egingo dira jarduerak: Buruilera Plazan, Santa Maria Plazan, Landatxo gizarte-etxean eta kiroldegian, Montehermoson, Aihotz Plazan, Arkupeetan, eta Frai Zacarias Martinez eta Santa Maria kaleetan. Eguraldi txarra eginez gero, lekuz alda daitezke ekintzak.

Hainbat diziplina artistikotako gazte talde batek antolatu du Gazte Plaza, Udaleko Gazteria Zerbitzuaren eskutik. Deialdi ireki baten bidez, talde eragileak gazteen eta elkarteen proposamenak jaso ditu, eta horien bidez osatu du programa. Hiriko gazte sortzaileen lanak ezagutaraztea du helburu ekimen honek.

Erlazionatutako sarrerak