Arkaitz Uranga da Minaberri Bekaren irabazlea

Tumatxa Gazteak

Badago irabazlea Minaberri Bekaren hirugarren edizioan. Arkaitz Uranga Urbieta gazteak lortu du literatura gaztearen nazioarteko obra bat euskarara ekartzeko beka.

Aurkeztutako sei proiekturen artean hautatu dute, eta orain Jürg Schubiger idazle suitzarraren “Als die Welt noch jung war” lana itzultzen ariko da. Prozesuan lagun izanen du Naroa Zubillaga Gomez itzultzaile eta EHUko irakaslea, mentore modura.

Epaimahaia Ainhoa Mendiluze Ormaetxea, Ibai Sarasua Garcia eta Naroa Zubillaga Gomezek osatu dute. Haien arabera, Arkaitzek bikain islatu du jatorrizko obraren ahozkotasuna eta gertutasuna, alemanezko pasarteak euskarara ekartzerakoan.

Mendaron jaioa 2002an, Arkaitzek Itzulpengintza eta Interpretazio Gradua ikasi zuen Euskal Herriko Unibertsitatean, eta gero masterra egin zuen Mondragon Unibertsitatean. Gaur egun, Eibarreko Udaleko euskara teknikaria da.

Minaberri Beka Iruñeko Udalak eta EIZIEk antolatzen dute, Txalapartaren laguntzarekin. Bekak 3.000 euro, mentoritza eta itzulitako lanaren argitalpena eskaintzen ditu.

Egitasmoaren helburua da itzultzaile gazteei lehen aukera profesionalak ematea, kalitatezko itzulpenak sustatzea eta gazteen irakurketa bultzatzea.

Itzuliko duen lanaren egilea, Jürg Schubiger (1936-2014), haur eta gazte literaturan erreferente handietako bat izan zen. Bere estiloak narrazioa eta elkarrizketa modu sinple baina sakonean nahasten ditu.

Bere ibilbidean hainbat sari jaso zituen, tartean Alemaniako Gazte Literaturaren Saria eta Hans Christian Andersen Saria.

Bestalde, aurreko edizioko lanetako bat ere bidean da: Leire Errandonea Garcia-Larratxe itzultzen ari da Marie-Aude Murailen “Sauveur et fils”, eta datorren udazkenean argitaratuko du Txalapartak.

Literatura eta itzulpengintza gustuko dituzten gazteendako, Minaberri bezalako bekek aukera ederra eskaintzen dute lehen urrats profesionalak egiteko.

Erlazionatutako sarrerak