Abian da Memeka 2025 lehiaketa
Urriaren 1ean abiatu zen Memeka euskarazko meme-lehiaketa, eta 15 eta 18 urte bitarteko gazteek izango dute parte hartzeko aukera. Azkue Fundazioak antolatzen duen lehiaketa honek helburu argia du: euskararen erabilera bultzatzea gazteen artean, modu dibertigarri eta sortzailean.
Parte hartzaileek memeka.eus plataformaren bidez sortu beharko dituzte memeak, bertako irudiak eta baliabideak erabiliz. Memeak euskarazko testuekin osatu behar dira, eta umorea, sormena eta originaltasuna izango dira gako nagusiak.
Lanak aurkezteko epea azaroaren 7ra artekoa da, eta horren ostean publikoaren bozketa fasea irekiko da (azaroaren 10etik 16ra). Azaroaren 17an iragarriko dira irabazleak. Bi sari banatuko dira:
🏆 Webgunean boto gehien jasotzen duen memearentzat, 200 € + kamiseta.
🏆 Instagram eta Pixelfed-en like gehien jasotzen duen memearentzat, 150 € + kamiseta.
Memeak gazteen komunikazio tresna bihurtu dira: egoerak kontatzeko, iritzia emateko edo, besterik gabe, lagunekin barre egiteko. Memeka lehiaketa aukera paregabea da euskarazko eduki dibertigarriak sortu eta sareetan zabaltzeko.
Beraz, ideia on bat buruan? Sortu zure memea, partekatu eta irabazi!
