Gazte Sortzaileak: euskarazko kultur-proiektuak sortzeko aukera Araban

Tumatxa Gazteak

Musika, antzerkia, podcastak, ikus-entzunezkoak edo poesia… Euskarazko kultur proiektu bat sortzeko ideiarik baduzu? Gazte Sortzaileak bekak gazteen sormena bultzatu eta ideiak gauzatzen laguntzen du, dirulaguntza ekonomikoa eta aholkularitza profesionala eskainiz.

Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak 16 eta 35 urte bitarteko gazteentzat antolatzen dute ekimena, euskarazko kultur sorkuntza sustatzeko. Bi kategoria daude: 16-24 urtekoena eta 25-35 urtekoena. Proiektu bakoitzak 4.000 euro arteko laguntza jaso dezake, baita sormen-prozesuan laguntzeko aholkularitza profesionala ere.

Proposamenak euskaraz sortu eta gauzatu behar dira, eta ahozko adierazpenak izan behar du ardatz. Antzerkia, musika, poesia, bertsolaritza edo ikus-entzunezkoak dira aurkez daitezkeen formatuetako batzuk.

2026ko deialdian izena emateko epea ekainaren 30ean amaitu zen. Aurreko edizioan saritutako proiektuek, ordea, ekimenaren aniztasuna erakusten dute:

– Bi Rotxa (Miren eta Itziar Uriarte): bi ahizpak sortutako podcasta da. Istorio zaharrak eta pentsamendu kritikoa nahasten dituzte, eduki berezi eta propioa sortzeko. Lehen atalak argitaratu dituzte dagoeneko.

– Doluak (Iker Clavero): musikari gazteak diskoa amaitzeko eta bideoklipak grabatzeko laguntza jaso du. Lanak doluaren etapa desberdinak jorratzen ditu; abesti bakoitzak zauri bat irudikatzen du, eta zauri horien bidez artistaren bizipenak eta alderdi pertsonalak ezagutzeko aukera ematen du.

– Garun Null (0) (Jon Garrido): diziplina eta kode desberdinak uztartzen dituen proposamen eszeniko ausarta da. Amaitu gabeko pieza baten bidez, bere garuna irentsi zuen izaki baten istorioa kontatzen du, ikuslea esperientzia berezi batean murgiltzeko.

– Kuxkatu Gasteiz (Maixa Utrera): haur eta gazteentzako sormen-lehiaketa da. Euskarazko ipuinak eta kantak ditu oinarri, eta Gasteizko herritarrak gonbidatzen ditu kalean paratutako kutxa batean gaiak proposatzera. Adiskidetasuna eta norbaiten edo zerbaiten falta dira landutako gaietako bi.

– Bizitza baten koplak (Laura Meabe): bakarrizketa edo mikroantzerki formatuan aurkeztuko den lana da. Auzolagun baten eguneroko bizitza eta bizipenak ditu ardatz, eta protagonistaren istorioa ezagutzeko gonbita egiten digu.

Proiektu horiek erakusten dute euskarazko sorkuntzak askotariko formak har ditzakeela, eta ideia berriak gauzatzeko bideak badaudela.

Informazio gehiago: Gasteizko Udalaren web orrian..

Erlazionatutako sarrerak