Etxepare Rap: euskal literatura erritmo urbanoan ezagutzeko proposamena Gasteizen
Tumatxa Gazteak
Etxepare Rap euskal literatura eta musika garaikidea uztartzen dituen proiektua da. Imanol Epeldek, irakasle eta sortzaileak, euskal literaturaren historia kontatu eta kantatzen du raparen bidez, klasikoen testuak gaur egungo erritmoetara ekarriz.
Proiektuaren abiapuntua ikasgelan dago: zer doinu har dezakete Axularren hitzek edo Txirritaren bertsoek erritmo baten gainean? Galdera horri erantzunez, literaturako hainbat egileren lanak musika bihurtu ditu Epeldek, gazteei beste modu batean hurbiltzeko.
Artistaren webgunean lehen bildumako hamar abestiak eta beste hamaika kantu aurki daitezke, baita bi bideoklip ere. Gainera, ikastetxeetan eskaintzen duen emanaldiak 35-45 minutuko saioa eta ikasleekin egiteko 15-20 minutuko jarduerak uztartzen ditu, 12 eta 18 urte bitarteko ikasleentzat.
Proposamena azaroaren 25ean, 19:00etatik 20:00etara, Gasteizko EHUren Arabako Campusean aurkeztuko da, «Zerbait sartu zait begian» emanaldiarekin.
Abestiak, bideoklipak eta informazio gehiago: Imanol Epelderen web orrian.
