Nafarroak gazteen ahotsa indartuko duen lege berria badu

Tumatxa Gazteak

Hemendik aitzina, Nafarroako gazteek babes handiagoa izanen dute gizarteko arlo guztietan parte hartzeko. Nafarroako Gobernuak onartutako Gazteriaren eta Belaunaldien Arteko Justiziaren Foru Legeak gazteek beren bizi-proiektua autonomiaz, askatasunez eta aukera berdintasunean garatzen lagundu nahi du, besteak beste, parte-hartzea, prestakuntza eta enplegua indartuz.

Lege berriak 2011ko araudia ordezten du, eta berrikuntza garrantzitsuak ekartzen ditu. Lehen aldiz, belaunaldien arteko justizia eta belaunaldien arteko erantzukizuna aitortzen dira, gaur egungo erabakiek etorkizuneko belaunaldietan izanen duten eragina kontuan hartzeko. Gainera, Nafarroako Gazteriaren Foroa sortuko da, gazteen ordezkaritza-organo nagusi gisa, eta gazte talde informalek ere gai publikoetan parte hartzen ahalko dute.

Arauak, halaber, Youth Test tresna berria ezarriko du, administrazioaren erabakiek gazteengan izanen duten eragina aztertzeko. Horrez gain, boluntariotza, nazioarteko parte-hartzea, Nafarroako Gazteen Parlamentua eta gai zehatzen inguruko gazte-mahaiak sustatuko ditu.

Lege honekin, Nafarroa gazteriaren antolaketa-aniztasuna aitortzen duen lehen erkidegoetako bat bilakatzen da. Gainera, araua gazteen ekarpenak jaso dituen parte-hartze prozesu zabal baten emaitza da, gazteen ahotsa erdigunean paratuz.

Informazio gehiago:
juventudnavarra.es

Erlazionatutako sarrerak