Gazteak Auzolanean 2026: zure ideia komunitatearen alde bihurtu

Tumatxa Gazteak

Gipuzkoako Foru Aldundiak martxan jarri du Gazteak Auzolanean 2026 programa, gazteek beren ideiak eta proiektuak garatu ditzaten. Helburua da komunitatearentzat onuragarriak diren ekimenak sustatzea eta gazteen parte-hartzea, sormena eta eraldatzeko gaitasuna indartzea.

Deialdiak 25.000 euroko aurrekontua du, eta proiektu bakoitzak 1.500 eta 5.000 euro arteko laguntza jaso ahal izango du. Eskaerak aurkezteko epea 2026ko apirilaren 22ra arte egongo da zabalik.

Parte hartu ahal izango dute 18 eta 30 urte bitarteko gutxienez hiru lagunek osatutako taldeek, baldin eta elkarte edo enpresa gisa eratuta ez badaude eta Gipuzkoarentzat interes sozial edo kulturala duen proiektu bat proposatzen badute.

Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako programak bereziki baloratuko ditu proiektu artistiko eta kultural komunitarioak, jasangarritasunarekin lotutako ekimenak eta berdintasuna, euskara, kulturartekotasuna edo elkartasuna sustatzen dituzten proposamenak.

Ideia bat baduzu eta martxan jartzeko bultzada behar baduzu, hau aukera paregabea izan daiteke zure proiektua errealitate bihurtzeko eta Gipuzkoako komunitatean eragin positiboa sortzeko.

Erlazionatutako sarrerak