Iruñeko gazteek hitza eta protagonismo handiagoa izanen dute
Tumatxa Gazteak
Gaur arratsaldean bilera berezia egin dute Iruñeko Gaztediaren Etxean, Gazteriaren Mahaiaren araudia berritzeko asmoz. Helburua argia da: gazteen parte-hartzea erraztea eta organoa gaur egungo errealitatera hobeki egokitzea.
Oraingo araudia 2020an jarri zen indarrean, baina azken hilabeteotan berrikusten aritu dira, gazteen parte-hartzea biziagoa eta eraginkorragoa izan dadin.
Proposatutako aldaketa nagusietako batek gazteei protagonismo handiagoa emanen lieke. Horretarako, helduen eta erakundeen ordezkaritzaren pisua ttipitzea planteatu dute, gazteen ahotsa erdigunean paratzeko.
Gainera, Mahaiaren osaeran oreka handiagoa bilatuko dute, ordezkaritza bidezkoagoa eta parekideagoa sustatzeko.
Funtzionamenduari dagokionez ere hainbat berrikuntza aurkeztu dituzte. Bileren maiztasuna malgutzea proposatu dute, gaur egungo parte-hartze errealitatera hobeki egokitzeko.
Berrikuntza deigarrienetako bat izan da “aulki hutsak” izeneko formula. Horri esker, hiriko gai zehatzen arabera, kolektibo edo pertsona batzuek modu puntualean parte hartzen ahalko dute Mahaiaren saioetan.
Era berean, legealdien aldaketek martxan dauden proiektuak ez geldiarazteko, “eginkizunetan” dauden karguak aurreikusten dituzte.
Beste aldaketa batzuk ere izanen dira:
- Mahaiak iraupen mugagabea izatea
- Lehendakaritza eta lehendakariordetza elkarlanean aritzea
- Gazteriako teknikari bat Idazkaritzan egotea, dinamizazio lana egiteko
Teknikariek eta ordezkari instituzionalek ahotsa izanen dute, baina ez botoa, erabakiak gazteen esku uzteko.
Halaber, irisgarritasunari ere garrantzia eman diote, pertsona guztiek baldintza berdinetan parte hartu ahal izan dezaten.
Bileren antolaketan ere aldaketak izanen dira. Deialdiak lehenago bidaliko dituzte, eta Mahaiaren kideek eguneko gai-zerrendan proposamenak gehitzen ahalko dituzte.
Gaiak hiru multzotan banatuko dituzte:
- eztabaidarakoak
- informatiboak
- erabakigarriak
Bestalde, gaurko bileran udaleko hainbat programaren berri ere eman dute, bereziki urtarrilean hasi ziren auzo-foroen inguruan. Dagoeneko hainbat auzotan egin dituzte saioak, hala nola Arrosadian, Milagrosan edo Santa Maria la Realen, eta aste honetan Iturraman ariko dira.
Helburua da gazteak hiriko erabakietan gero eta gehiago inplikatzea eta parte hartzeko espazioak benetan erabilgarriak izatea.
Gazteen ahotsa entzunarazteko eta hirian eragina izateko, Gazteriaren Mahaia tresna garrantzitsua bihurtzen ari da.
