Iruñeak Sahararekiko elkartasuna indartzen segitzen du
Tumatxa Gazteak
Iruñeko Udala Saharako errefuxiatuen kanpamentuetan garatzen ari diren hiru proiektu solidario babesten ari da, Hegoaldeko entitateendako laguntza programaren barrenean.
Ekimenak Tindoufen (Aljeria) egiten ari dira, eta helburua da uraren kudeaketa hobetzea, elikadura segurtasuna indartzea eta haur txikien desnutrizioaren aurka egitea.
Azaroaren amaieran, udal ordezkari batzuk Saharako kanpamentuetara joan ziren proiektuak bertatik bertara ezagutzeko:
- Garbiñe Bueno Zabalza
- Zaloa Basabe Gutiérrez
- eta Endika Alonso Irisarri
Bisita horrek Iruñea eta Sahara artean urteetan eraikitako elkartasun harremana sendotu du.
Bidaia Nafarroako Sahara Delegazioak eta ANAS elkarteak antolatu zuten, Saharako egoera ezagutarazteko eta “Vacaciones en Paz” programa sustatzeko.
Proiektuetako batek uraren kudeaketa sistema berri bat garatzen du Auserden, bertze kanpamentuetan ere erabiltzeko modukoa izan dadin.
Bertze ekimen batek ura eta elikagaiak banatzeko logistika hobetzen du.
Eta hirugarrenak, ANAS elkartearen bidez, haur ttikiei esnea banatzen die desnutrizioari aurre egiteko.
Bisitan zehar bereziki nabarmendu zuten Saharako emakumeek kanpamentuetan egiten duten lana eta emakumeen ahalduntzearen garrantzia.
Horregatik, etorkizunean genero berdintasunarekin lotutako lankidetza berriak martxan paratzeko aukera aztertzen ari dira.
Gainera, berriz abiatu dute “Vacaciones en Paz” programa. Egitasmo horren bidez, Saharako haurrek uda Nafarroako familiekin pasatzen dute.
Familia hartzaile berriak bilatzen ari dira uda honetarako.
Eta Saharako errealitatea bertatik bertara ezagutu nahi duenak ere aukera izanen du: apirilaren 2tik 11ra bidaia antolatu dute kanpamentuetara.
Informazioa:
626 50 24 95
Elkartasunak eta nazioarteko lankidetzak gazte askoren interesa pizten dute gaur egun ere, eta Sahararekiko harremanak bizirik segitzen du Iruñean.
