Gazteklasika: musika klasikoa beste modu batera bizitzeko jaialdia
Ekainaren 10etik 16ra, Gasteizek musika klasikoari begiratzeko modu berria hartuko du. Gazteklasika Jaialdia ez da ohiko klasika jaialdi bat: belaunaldi berriko artistak, proposamen freskoak eta diziplina ezberdinen arteko nahasketa izanen dira ardatz.
Jaialdian nazioarteko ibilbidea duten artista gazteek kontzertuak eskainiko dituzte, Barrokotik XX. mendera arteko musikarekin. Baina musikaz harago joan nahi dute: kontzertuak antzerkiarekin, dantzarekin, arkitekturarekin edo pinturarekin uztartuko dituzte, esperientzia bereziak sortzeko.
Programazioan izanen dira, besteak beste, azalpen gidatuak, erakusketak, ardo dastaketak eta sormen tailerrak. Helburua argia da: publiko gaztea musikara hurbiltzea, modu natural eta erakargarrian.
Ekitaldiak Gasteizko espazio ezagunetan eginen dira, hala nola Santa Maria katedralean, Arte Ederren Museoan, Aula Magnan edo San Pablo aretoan.
Jaialdiaren antolatzaileek diotenez, klasika ere gaur egungoa, gertukoa eta esperimentatzeko modukoa izan daiteke. Eta badirudi Gazteklasikak hori frogatu nahi duela lehen ediziotik bertatik.
