Harajuku modari buruzko hitzaldia Iruñeko Harrotu Zentroan

Tumatxa Gazteak

Ostiral honetan hasiko dira urteko bigarren hiruhilekoko jarduerak Iruñeko Harrotu Zentroan, eta lehen hitzordua berezia izanen da: Harajuku mugimenduari buruzko hitzaldia antolatu dute, arratsaldeko 18:00etan. Sarrera dohainik izanen da.

Harajuku moda Japonian sortutako mugimendu estetiko eta soziala da, eta urteekin LGTBI+ komunitatearen ikur bilakatu da. 80ko eta 90eko hamarkadetan, gazte askok moda erabili zuten gizarte arauak zalantzan paratzeko eta beren identitatea libre adierazteko.

Saioa Iruñeko Harajuku Kolektiboak gidatuko du, eta Harrotu Zentroak apiriletik ekainera prestatu dituen 13 jarduera doakoen artean lehena izanen da.

Egitarauan tokia izanen du baita LGTBI+ Irakurle Klubak ere. Gaztelaniazko taldeak honako liburu hauek landuko ditu:

  • “Hambre. Memorias de mi cuerpo”, Roxane Gayrena — apirilaren 16an
  • “El beso de la mujer araña”, Manuel Puigena — maiatzaren 7an
  • “El azul es un color cálido”, Jul Marohrena — ekainaren 4an

Euskarazko taldeak, berriz, bi saio eginen ditu:

  • “Ariadnaren hariak: sexua eta generoaren hizkuntzaren laberintoa”, Beatriz Fernándezena — apirilaren 21ean
  • “Nola heldu naiz honaino”, Kattalin Minerena — maiatzaren 19an

Irakurle klubeko saioak 18:00etatik 20:00etara izanen dira, eta izena eman beharko da Harrotu Zentroan.

Maiatzaren 14an, Arantza Ibarra idazleak “Las sombras no tienen género” liburua aurkeztuko du. Topaketa 18:30ean hasiko da, eta egilearekin batera Laura Virue ere ariko da solasean.

Hiruhileko honetan hainbat data esanguratsu ere ospatuko dituzte:

  • Lesbiana Ikusgarritasunaren Eguna — apirilaren 26an
  • LGTBIfobiaren Aurkako Eguna — maiatzaren 17an
  • Askatasun Sexualen Eguna — ekainaren 28an

Horrez gain, topaketa eta elkargune gehiago ere izanen dira: pertsona transendako saioak, migratutako edo errefuxiatutako LGTBI+ pertsonen bilerak eta gazteendako jarduerak, bertzeak bertze.

Eta noski, “Harrotu te escucha” espazioak martxan segituko du, Iruñeko LGTBI+ pertsona eta kolektiboen arteko sareak indartzeko.

Kultura, identitatea eta elkargune seguruak bilatzen badituzu, Harrotuk plan franko ekarriko ditu hilabete hauetan.

Informazio gehiago:
www.pamplona.es/eu

Erlazionatutako sarrerak