488 lan aurkeztu dituzte Sanfermin 2026ko kartel lehiaketara

Tumatxa Gazteak

Iruñeko Udalak antolatutako Sanfermin 2026ko kartel lehiaketak guztira 488 proposamen jaso ditu aurten. Kopurua iazkoaren parekoa izan da; orduan 490 kartel aurkeztu zituzten.

Parte-hartzaile gehienak Nafarroakoak izan dira: guztira 291 lan, hau da, aurkeztutako guztien %59,6. Horien artean, Iruñea izan da aktiboena, 160 kartel bidalita.

Atzerritik ere iritsi dira proposamenak. Guztira 8 kartel heldu dira kanpotik: hiru AEBetatik eta bana Kanadatik, Frantziatik, Erresuma Batutik, Ekuadorretik eta Andorratik.

Estatuko bertze tokietatik ere parte-hartze handia izan da. Madrildik 40 lan bidali dituzte, eta Euskal Herritik 37: Gipuzkoatik 17, Bizkaitik 15 eta Arabatik 5.

Adinari dagokionez, parte-hartzaile gehienak 30 eta 49 urte artekoak izan dira, 193 lanekin. 50 urtetik gorakoek 168 proposamen aurkeztu dituzte.

Gazteek ere izan dute presentzia: 18 urtez azpikoek 18 kartel aurkeztu dituzte, eta 19 eta 29 urte artekoek 109.

Generoari begiratuta, gizonezkoek parte-hartze handiagoa izan dute: aurkeztutako lanen %57,3 gizonenak izan dira, eta %41,8 emakumeenak.

Parte-hartzerik handiena 2024an izan zen, orduan 635 kartel aurkeztu baitzituzten.

Orain, epaimahaiak 10 finalista aukeratuko ditu, eta ondoren herritarren bozketa eginen dute irabazlea erabakitzeko.

Lehiaketako arauek argi diote egilearen nortasuna ezkutuan mantendu behar dela. Kartela aurretik zabaltzeak lehiaketatik kanpo gelditzea ekar dezake, eta baita hiru urtez parte hartu ezin izatea ere.

Irabazleak 5.000 euroko saria jasoko du, eta gainerako finalistek 500 euroko akzesita.

Orain ikusi beharko da zein irudi bihurtuko den heldu den sanferminetako ikur.

Erlazionatutako sarrerak