Sanfermin 2026: kontzertu potoloak Gazteluko Plazan!

Tumatxa Gazteak

Aurten ere musikak indar handia izanen du sanferminetan, eta Gazteluko Plaza izanen da kontzertu handien erdigunea. Sanfermin 2026ak estilo anitzeko programazioa prestatu du, publiko gazteari ere begira.

Kartelak popa, rocka, musika urbanoa, folka eta metala nahastuko ditu, eta hainbat artista Nafarroan bakarrik ikusten ahalko dira uda honetan.

Aurtengo izen handien artean daude Ojete Calor, Shinova, Marlena, Jarfaiter, Merina Gris eta Neomak. Rock eta metal zaleek ere izanen dute zer entzun, Koma, Bala eta Brigade Loco taldeekin.

Gainera, oso berezia izanen da Motxila 21 taldearen kontzertua, sanferminetan ospatuko baitute beren 21. urteurrena.

Folk garaikideak ere izanen du tokia, Isabel Aaiun eta Neomak bezalako proposamenekin.

Programazioa aurkezteko prentsaurrekoan izan dira Maider Beloki Unzu Kultura, Jai eta Kirol zinegotzia eta Íñigo Gómez Eguíluz arloko zuzendaria.

Kartelak tokiko presentzia handia ere izanen du: Nafarroako bost talde ariko dira Gazteluko Plazan.

Festari hasiera emanen diote Boney M talde mitikoak eta Isabel Aaiunek, uztailaren 6an. Ondotik etorriko dira bertzeak bertze Koma, Shinova, Ojete Calor, Merina Gris, La Txama, Hofe eta Jarfaiter.

Gainera, antolatzaileek ordutegi batzuk aitzinatu dituzte, zarata gutiago sortzeko. Horregatik, zenbait kontzertu 23:30ean hasiko dira.

Eta ez da dena Gazteluko Plazan geldituko. Konpainiaren Plazak ere nazioarteko eta tokiko proposamen ugari hartuko ditu: reggae, jazz, blues eta cumbia doinuak entzuten ahalko dira, besteak beste, CC:DISCO!, Frente Cumbiero, The Scientist eta Izo Fitzroy artistekin.

Gainera, uztailaren 6ko arratsaldeko kontzertua bereziki familientzat prestatuko dute.

Musika gustu guztietarako aukerak izanen dira aurten sanferminetan. Orain, kontzertuetarako plana prestatzea falta da bakarrik!

Erlazionatutako sarrerak