Indabe – Ez banaiz: galderei kantuz erantzuten
Donostian sortutako Indabe hirukoteak bere lehen disko luzea kaleratu du: Ez banaiz. Uxuek (gitarra eta ahotsa), Peruk (bateria) eta Norak (baxua) osatzen dute taldea, eta pop-rockaren eremuan kokatzen dute euren soinua. 2023an Noiz arte? EParekin abiatu zuten bidea, eta orain, 2025eko martxoaren 21ean, beste jauzi bat eman dute zazpi abestiz osatutako album honekin.
Diskoa Gaztain Estudioetan grabatu dute, eta Azaletik singlearekin hasi zuten aro berri honi jarraipena ematen dio. Taldeak azaldu duenez, ordutik sortu zaizkien galderei erantzunak bilatzeko saiakeratik jaio da Ez banaiz: barrura begirako lana da, baina melodia indartsuekin eta letra gertukoekin.
Tracklistak aniztasuna eta emozioa uztartzen ditu:
Ezezagunak, Banoa, Azaletik, Izarretan, Noizean behin (Etxekalterekin), Kristalezko hiria eta Berriz.
Indabek pausoz pauso eraikitzen jarraitzen du bere unibertsoa. Pop-rock freskoa, galderak airean… eta entzulearentzako bidaia eder bat.
