Eskafandra – pop-rock eta itsas hondoan barrena
Eskafandra taldeak bere izen bereko lehen diskoa aurkeztu du: “Eskafandra”, azken urtean su motelean egositako 11 kantuz (10+1) osatutako bilduma. Pop-rocka da bizkarrezurra, baina taldea ausartu da tarteka doinu elektronikoagoetara ere, eta balada berezi bat ere badakar: “Ondotxo dakizu nora”.
Proiektua 2024ko udaberrian sortu zen, Joseba Iturraspe (McOnak) eta Iban Martinen (Raimundo El Canastero, Sustrajah Band) arteko elkarlanetik. Gero, taldea osatu zuten Maren Seijo (bateria), Maider Zubizarreta (teklatuak) eta Elena Lezaunek (baxua), bost kideko formazio sendoa eratuz.
Eskafandraren soinua popa, rock alternatiboa eta elektronika nahasten dituen fusioa da, sintetizadore koloretsuekin eta atmosfera emozional sakonekin. Letrek, Joseba Iturraspek idatziak, tonu poetiko eta sinbolikoa dute, iruditeria marinoan murgilduta, norberaren eta gizartearen arteko talkak aztertuz.
Taldeak, gainera, unibertso ikus-entzunezko propioa sortu nahi du, soinua, irudia eta zuzeneko esperientzia uztartuz. Udazken honetan kaleratutako disko honek Eskafandraren abentura berria markatzen du. Prest urpeko bidaia honetarako?
