Krifis-en lehen eztanda: Anabasis, metal instrumental berria Donostiatik
Donostian sortu zen 2024an Krifis, eta jada lehen diskoarekin datoz indartsu: Anabasis. Laukotea Iñigo Larrunbide (gitarra), Martin Grao (gitarra), Mikel Vergara (baxua) eta Rafa Blanco (bateria) musikariek osatzen dute, eta 2025ean argitaratu dute zazpi kantako lan instrumental hau.
Anabasis diskoan riff potenteak, erritmo aldaketa ugari eta dinamika kontraste handiak aurki daitezke, Post Rock eta Post Metalaren mugetan mugituz baina jarrera punkiarekin eta nortasun propioarekin. Hasiera “Samsara” lasaiarekin egiten da, eta segidan “Enbata”-k erakusten du zer datorren: indarra, tentsioa eta energia.
“Ubar” kantak giro espazialagoak proposatzen ditu, Tool-en unibertsoak gogoraraziz, eta “Space Coyote” zein “Anhedonia”-k metal arketipikoagoetara hurbiltzen dute taldea, beti ere filtro progresibo batekin. Diskoari amaiera ematen dion “Katabasis”-ek orain arte entzundakoaren laburpen moduan funtzionatzen du.
Lehen lana izanda, badute zer hobetu, baina oinarriak sendoak dira. Krifis gaztea da, baina argi dute bidea: progresiboak, interesgarriak eta zuzenean jotzeko jaioak. Begiz jota edukitzeko taldea. 🎸🔥
