Julia Z.-k bizitza berria eman dio bere lehen EPari

Tumatxa Gazteak

Julia Z. Donostiako 12 urteko musikari gazteak etapa berri bati ekingo dio Oso Polita diskoetxearen eskutik. Bat bere lehen EPa da, eta Juliak berak idatzitako bost abesti biltzen ditu. Hasieran, familiakoentzat oroigarri gisa grabatzeko sortu ziren kantuak, baina proiektua handitzen joan da pixkanaka.

Iker Lauroba musikariak ekoitzi du lana, Aiako Melodi Estudioan. Abestiek Juliaren bizipen eta sentsazioak jasotzen dituzte: harremanen aldaketak, mina askatzeko beharra edo aitona-amonen ezkontzaren 50. urteurrenerako sortutako Zurekin zahartu kanta, besteak beste.

Bat laneko abestien artean daude Alaitasunaren menpe, Abesti honetan, Beste behin, Askatu mina eta Zurekin zahartu. Grabazioan, Laurobak instrumentu gehienak jo ditu, Josu Ervitik bateriak grabatu eta masterizazioa egin du, eta Juliak berak ere gitarra batzuk jo ditu.

Etxean sortutako proiektuak oholtzetara egin du jauzi: Juliak hainbat agertokitan aurkeztu ditu kantuak, eta Carlos Aresen kontzertu bat ireki du Toron. Orain, Oso Politaren laguntzarekin, abestiek bide berria eginen dute, musikak Juliaren bizitzan duen lekua indartuz.

Erlazionatutako sarrerak