‘Muro de piedra’: memoria, askatasuna eta Gazte Konpainiaren begirada

Pabellón 6ko Gazte Konpainiak muntaia berria aurkeztu du: ‘Muro de piedra’. Antzezlanak memoria, askatasuna eta ahanzturaren aurkako borroka ditu ardatz, eta Bilboko gazte antzerkiaren eszenan urteetan lanean ari den konpainiaren ibilbideari beste kapitulu bat gehitzen dio.

Obrak Pasaje Begoña du abiapuntu. Torremolinosen kokatutako espazio horretan, frankismo garaian, askatasun handiagoz bizi eta adieraz zitekeen, baina 1971ko ekainaren 24an Poliziak lokalak miatu eta bertan zeuden pertsonak atxilotu zituen. Gertaera horren bidez, antzezlanak galdutako edo isilarazitako memoria berreskuratu nahi du.

Testua Markel Hernándezek idatzi du, eta Aritz Castillo, Nora Urdanpilleta, Nerea Sanz, Pino de Pablos, Arnatz Puertas eta Markel Urrestarazu dira, besteak beste, muntaketa kolektiboaren protagonistak.

Pabellón 6ko Gazte Konpainia 2016an sortu zen, antzerkigintzan trebatutako gazteei ibilbide profesionala garatzeko eta esperientzia duten artistekin lan egiteko aukera eskaintzeko. Ordutik, Romeo y Julieta, Migraaantes, Egun zoragarriak edo El despertar de primavera bezalako lanak taularatu ditu.

‘Muro de piedra’ urriaren 3tik 18ra ikusi ahal izango da Pabellón 6n.

Erlazionatutako sarrerak