Bertsoaroa 2026: Iruñea bertsoz eta kulturaz mukuru

Tumatxa Gazteak

Otsaila eta martxoa bertsoz beteko dira Iruñean. Bertsoaroa 2026 programak zazpi hitzordu ekarriko ditu hirira, otsailaren 3tik martxoaren 12ra, eta aurten ere gazte bertsolariak eta izen handiak nahastuko ditu.

Egitaraua Iruñeko Udalak eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak antolatu dute, eta proposamen franko izanen dira: bertso jaialdiak, saio elektronikoak, bertso literarioak, haurrendako tailerra eta bertso afaria.

Jarduerak hainbat gunetan eginen dituzte: Civivox Condestable, Iturrama, Nafarroako Antzerki Eskola, LABA, Katakrak, Herriko Taberna eta Salestarren Gizarte Zentroa izanen dira aurtengo egoitzak.

Ekitaldi gehienak dohainik izanen dira, aforoa bete arte. Salbuespena bertso afaria izanen da. Haurrendako tailerrean ere aurrez izena eman beharko da.

Programari hasiera emanen dio Bertso Trama saioak, otsailaren 3an, Civivox Condestableko patioan. Han ariko dira Beñat Astiz, Ekain Tolaretxipia, Idoia Granizo, Izaro Bilbao, Jabi Lezaun eta Lide Goenaga, istorio baten barrenean bertsotan.

Otsailaren 5ean izanen da lehen bertso jaialdia, Nafarroako Antzerki Eskolan. Oholtzan ariko dira, bertzeak bertze, Maialen Lujanbio, Julio Soto, Maider Arregi eta Sarai Robles.

Gainera, egun horretan banatuko dituzte Iruñeko Bertsopaperak lehiaketako sariak ere.

Berritzaileenetako bat izanen da “Itzali eta piztu” saio elektronikoa, otsailaren 12an, LABAn. Bertsolaritza eta musika elektronikoa uztartuko dituzte Aner Peritzek eta Manex Pagolak, hainbat bertsolarirekin batera.

Bigarren bertso jaialdia otsailaren 19an izanen da, Txantreako Salestarren Gizarte Zentroan, gazte bertsolari eta esperientziadunak nahastuz.

Otsailaren 26an, berriz, Katakraken, “Hezur berriak” bertso literarioen errezitaldia eskainiko dute. Ane Labakaren poemetan oinarritutako saioa izanen da, musikarekin eta bat-bateko bertsoekin nahastua.

Gaztetxoek ere izanen dute beren aukera. Otsailaren 27an, “Bertso jasa, bat-bateko jolasa” tailerra eginen dute Civivox Iturraman, 8 eta 12 urte arteko haur eta gazteendako.

Zikloari bukaera emanen dio martxoaren 12ko bertso afariak, Herriko Tabernan. Han ariko dira Ane Zuazubiskar, Joanes Illarregi eta Onintza Enbeita.

Afariaren sarrerak bertsosarrerak.eus webgunean eros daitezke, 25 eurotan.

Bertsoa gustuko baduzu —edo lehen aldiz probatu nahi baduzu—, Bertsoaroak aukera franko ekarriko ditu aste hauetan Iruñean.

Erlazionatutako sarrerak