Iruñeko Udalak 2.000 euro arteko laguntzak gazte ekintzaileendako

Tumatxa Gazteak

Iruñeko Udalak berriz ireki du gazte ekintzaileei zuzenduriko enpresa sorrera laguntzen deialdia. Dirulaguntzak 2025eko uztailaren 1etik 2026ko uztailaren 30era sortutako enpresa eta proiektuendako izanen dira.

Deialdiak 60.000 euroko aurrekontua du, eta eskaerak banaka aztertuko dituzte. Xehetasun guztiak udalaren webgunean kontsultatzen ahal dira.

Laguntzen bidez, Udalak Iruñean jarduera ekonomiko berriak sustatu nahi ditu. Horretarako, gehienez 2.000 euroko laguntzak emanen dizkie pertsona fisikoei eta nortasun juridikorik gabeko elkarteei. Nortasun juridikoa duten elkarteek, berriz, 3.000 euroraino jasotzen ahalko dute.

Dirulaguntzek jarduera abiatzeko gastuen %70 arte estaltzen ahalko dute. Hor sartzen dira notariotza eta erregistro gastuak, bisita txartelak, logo diseinua, webgunea edo irudi korporatiboa sortzeko gastuak.

Gainera, negozioaren lehen hiru hilabeteetako alokairua edo negozio baten traspasoa ere laguntzen barrenean sartuko dira.

Bestelako gastu arrunt batzuk ere onartuko dituzte: Gizarte Segurantzako kuotak, nominak edo argiaren eta uraren kontsumoa, bertzeak bertze.

Kontuan hartu gastuak BEZean alta eman aurreko sei hilabeteetan edo ondorengo hiru hilabeteetan eginak izan behar direla.

Laguntza eskatzeko, interesdunek 18 eta 35 urte artean izan behar dute jarduera hasteko egunean. Elkarteen kasuan, bazkideen gutienez bi herenek baldintza hori bete beharko dute.

Halaber, egoitza fiskala Iruñean izan behar da, eta jarduera gutienez 18 hilabetez mantendu beharko da.

Eskaerak aurkezteko epea martxoaren 27an irekiko da eta urriaren 9an bukatuko da. Online egiten ahalko da edo Kondestable jauregiko Erregistro Nagusian aurkeztuta.

Udalak sei hilabeteko epean emanen du ebazpena.

Joan den urtean, 52 eskaera aurkeztu zituzten eta 40 proiektuk jaso zuten laguntza. Onuradunen artean ileapaindegiak, argazki estudioak eta bertze hainbat negozio berri izan ziren.

Enpresa edo proiektu bat abiatzeko asmoa baduzu, aukera polita izan daiteke hau.

Informazio gehiago:
www.pamplona.es/eu

Erlazionatutako sarrerak