Kantu eta Hitza berriz heldu da, zazpi kontzertu txikirekin!
I
Tumatxa Gazteak
Iruñean berriz ere martxan paratuko dute “Kantu eta Hitza” zikloa, eta aurten ere euskarazko musikaz gozatzeko aukera ederra izanen da. Maiatza eta ekainean, guztira zazpi kontzertu eginen dituzte hirian.
Lehen emanaldia izan ezik, gainerako guztiak O Andre Mariaren plazan izanen dira. Zikloari hasiera emanen dio Anarik, maiatzaren 8an, Civivox Pompelon.
Kontzertu horretarako sarrerak 10 eurotan daude salgai pamplonaescultura.es webgunean, eta antolatzaileek ohartarazi dute azkar agortzen direla.
Gainerako emanaldiak, berriz, dohainik izanen dira, eta astez aste eginen dituzte maiatzaren 21etik ekainaren 25era. Euria eginez gero, saioak Erraldoien Patioan eginen dituzte. Han tokia mugatua izanen da, beraz, hobe garaiz ailegatzea gonbidapenak hartzera.
Aurkezpenean izan ziren Maider Beloki Unzu zinegotzia eta Bisaiak taldeko Xabier Olano eta Imanol Burguete musikariak.
25 urte baino gehiagoko ibilbidea duen ziklo honek euskarazko musikaren estilo anitz ekartzen ditu urtero: folk, pop, jazz, rock edo reggae doinuak entzuten ahalko dira.
Anarik emanen dio hasiera programazioari. Euskal musikako ahots berezienetako bat da, eta bere rock-folk kutsu poetikoarekin ezaguna egin da urteotan. 1997an lehen diskoa kaleratu zuenetik zazpi lan argitaratu ditu, eta Fermin Muguruza edo Doctor Deseo bezalako artistekin ere aritu da elkarlanean.
Ondotik, zikloa O Andre Mariaren plazara mugituko da. Honako talde eta artistek joko dute:
- Sara Zozaya, maiatzaren 21ean
- Izaki Gardenak, maiatzaren 28an
- Xak, ekainaren 4an
- Bisaiak, ekainaren 11n
- Kaskezur, ekainaren 18an
- Erromintxelak, ekainaren 25ean
Euskarazko musika gustuko baduzu, uda hasi aitzineko plan ederra duzu Iruñean.
Informazio gehiago:
www.pamplona.es/eu
