Larunbatean sormen festa Iruñeko Gaztediaren Etxean!

 

Tumatxa Gazteak

Zinema, animazioa edo bideojokoak gustuko badituzu, larunbat honetan plan polita duzu Iruñeko Gaztediaren Etxean. 17:15etik aitzina, sormenarekin lotutako tailerrak, bideojoko erakustaldiak eta film proiekzioa izanen dira arratsalde osoan.

Jardunaldia Navarra Digital Creators kolektiboak antolatu du, eta helburua da pantailaren gibelean dagoen sormen eta lan guztia gertutik ezagutzea.

Egitasmoa 12 eta 30 urte arteko gazteendako da, eta ez da aurretik jakintza berezirik behar: ikasteko gogoa eta ongi pasatzeko nahia aski dira.

Hasieratik bertatik bi tailer izanen dira aldi berean. Alde batetik, Dani Rascón artistak pertsonaien sorkuntzari buruzko saioa eskainiko du, marrazketa eta teknika tradizionalak erabiliz. Rascón ezaguna da, bertzeak bertze, Dota 2 bideojokoan egindako lanagatik.

Bideojokoen mundua gehiago gustuko dutenek, berriz, Godot motorrarekin programatzen hasteko aukera izanen dute, Álvaro Corcín sortzailearen eskutik. Hark garatu zuen “A Gummings Tale: The Blacksmith” jokoa.

17:30ean hasiko da bideojokoen showcase edo erakustaldia. Han probatzen ahalko dira “Runeomicon”, “Guillotine” eta “Klin! Klin!” bezalako jokoak, bertako garatzaileek sortuak.

Arratsaldeari bukaera emateko, 18:45ean, “Robot Dreams” filma proiektatuko dute. Gainera, Patricia Andrades animazio arloko profesionalak pelikularen gibeleko xehetasunak eta sekretuak kontatuko ditu. Andradesek nazioarteko produkzio handietan egin du lan azken urteotan.

Bideojokoak, animazioa edo zinema gustuko badituzu, larunbat honetako plana ezin hobea izan daiteke zuretzat.

 

 

Erlazionatutako sarrerak