Heitxiren Berreraikitze Aroa: iraganetik etorkizunera dantzan

Heitxi izenez ezagutzen dugun Eider Etxeandiak pauso handia eman du: bere lehen diskoa kaleratu du, Berreraikitze Aroa. Lehiaketetan, erromerietan eta haur ikuskizunetan aritu ondoren, erronka artistiko berri honi heldu dio, bere nortasuna berreraikitzeko prozesua musikaren bidez kontatzeko.

Diskoa osorik itxaropen eskutitz bat da. Aldaketa eskatzen du, momentu hobeagoak desiratzen ditu, iragana ospatzen du eta etorkizun justuago baten alde borrokatzeko gonbita egiten du. Abestiek bidaia introspektibo batera eramaten gaituzte, mezu pertsonal sendo batekin. Heitxik bere familia eta lagunen babesa eskertzen du, eta feminismoa ere presente dago lan osoan, “berreraikitze aro” honen parte bezala.

Musikalki, proposamen freskoa da: elektronika eta euskal kulturako soinu tradizionalak uztartzen ditu, batez ere trikia eta panderoa. Horregatik, erraz esan daiteke bere estiloa elektro-triki-pop dela: dantzagarria, modernoa eta erroei lotua aldi berean.

Berreraikitze Aroaren unibertso sonoroak diskoko mezuarekin bat egiten du, iragana eta etorkizuna uztartuz. Gutun pertsonal bat da, baina baita belaunaldi berri baten aurkezpena ere. Heitxiren ahots propioa hemen da, eta argi dio: berreraikitzeko garaia da

Erlazionatutako sarrerak